HANDIA

Handia izan da, Seattlen “Handia” ikusteko aukera izatea. Handia izan da, film horri esker, garai batean Estatu Batuetara etorritako euskal etorkinen ondorengoak ezagutzea. Handia da, horiekin hilabetero musean handira “enbido” egiteko elkartzea . Handia da, elkartzen garen bakoitzean, beraien eta arbasoen kontuak ezagutzea. Handia da herritik, jatorritik, milaka kilometrotara egon arren, uste duguna baino gehiago garela ikustea eta euskal jatorriko belaunaldi hauek beraien sustraiez agertzen duten interesa  sentitzea.

HANDIA FILMA

Aipatu  bezala, handia izan zen, duela hilabete batzuk Handia filma, bertsio originalean ikustea, Seattlen antolatzen den International Film Festival-ek antolatua. Jakin-min handiarekin joan nintzen, izan ere, ez nekien bertan zer aurkituko nuen, zer nolako publikoa erakarriko ote zuen, zinemazaleen artean ikusminik piztuko ote zuen…

Mundiala izan zen, zinemara sartu eta jendez gainezka zegoela ikustea, nagusiak, gazteak, neskak, mutilak… ai ene! Itxura anitzekoak guztiak, baina batzuek euskaldun fisonomia zutela ere iruditu zitzaidan. Hau aipatu nahi dut gogoan daukadalako txikitan, Euskal Herritik kanpora oporretan joaten ginenean, gurasoei beti esaten niela jendea begiratuta bakarrik, gai nintzela euskalduna zen ala ez asmatzeko.

Emanaldiari hasiera emateko, zuzendarietako batek, Jon Garañok hain zuzen ere, filmari buruzko azalpena eman zuen, eta baita, euskarari buruzko hainbat datu ere. Filma ikusi ondoren, zuzendariari galderak egiteko tartetxoa ere izan genuen eta Euskal Herriari, hizkuntzari eta filmari buruzko galdera zaparrada jaso zuen Garañok. Hiru segundotan, giro polita sortu zen, sekulakoa izan bai zen ikusleek gure herriarekiko agertutako maitasuna eta jakingura ikustea.

Izugarria izan zen, egun horretan bertan, aspaldi Amerikara etorritako euskaldunen ondorengoak ezagutzea. Gu euskaraz ari ginela entzuterakoan hurbildu eta “Kaixo, ni Gaizka eta zuek?”, “Ni Uxue, Atxabaltakua eta zu?”, “Idahokoa”.

 

Publikoa
Zineman Handia filma ikusteko prest

 

MUSEAN

Harrezkero, Gaizkaren etxean geratu gara hiru bat aldiz musean jolasteko. Bertan, adin ezberdinetako beste hainbat euskaldunekin ere elkartzen gara, Gernikatik, Iruñatik , Iparraldetik… eta gure herriko beste hainbat lekutatik etorritakoekin alegia.

Etxe horretara joan ginen lehenengo aldian, kontraste kuriosoa dagoela iruditu zitzaidan. Euskal Herriko edozein etxeetan ohikoak diren landutako egurrezko mahai handi eta aulkiak, Picasoren Gernika, familiakoen argazki zaharrak egurrezko markoen barruan eta Estatu Batuetan edozein etxe edo tabernatan aurkitu daitekeen telebista erraldoia, baseballeko pilota apaingarri bezala…

Musean jolasteko, egurrezko mahaiaz aparte, beste plastikozko hiru mahai ipintzen dituzte eta horrela, taldetxotan banatuta, kartetan jarduten  gara. Etxeko egongela, Debagoieneko elkarte edo betiko taberna horietako batean bihurtzen da muslariek konzentratuta jokuari ekiten diotelarik.

Berezia da ere, jolasten gabiltzan bitartean sortzen den hizkuntza nahasketa entzutea. Batzuek, euskaraz eta euskalkian hitz egiten dakite, beste batzuek berriz, zerbait ulertzen duten arren, ez dakite mintzatzen. Horregatik, mahai inguruan jolasean gauden bitartean, ingelesez hitz egiten dugu, baina jokoaren hitzak euskaraz esaten ditugu, hau da, “gura”, “esku”, “bat, bi, hiru”, “Erregia eta zaldixa”, etab. Jokalari euskaldunez gain, horien bikoteak ere etortzen dira, batzuk estatu batuarrak. Hala ere, pozgarria da beraien bikotearen kultura eta hizkuntzarekiko jartzen duten interesa ikustea, eta beraiek ere, kartetara jolasten gabiltzanean, euskaraz egiten saiatzea.

 

Musean jolasteko
Musean jolasteko erabiltzen duten “txuleta”

 

ITSASONTZI BATEN EUSKAL HERRITIK KANPORA

Musean jolastea, elkar ezagutu eta elkartzeko aitzakia besterik ez da. Interesgarria da, hurbiltzen direnen istorioak ezagutu eta entzutea. Bertan ezagututako lagun batek azaldu zigunez, bere aitona izan zen familiako lehenengoa Estatu Batuetara etortzen. Gaztea zelarik, itsasontzia hartu eta New Yorken egin zuen lehengo geldialdia, euskaldun batzuk gidatzen zuten hotel batean. Hoteleko langileek Idahora joateko trenerako tiketa eman zioten, eta horrela beste hainbat euskaldunekin batera, Idahora joan zen artzain bezala lan egitera. Hurrengo urtean, bere aitonaren anaia etorri zen asmo berdinarekin.

Gure lagunaren aitonaren istorioa euskaldun askorena izan zen, Berri Txarrak taldeak bere abestietako batean dioen bezala “Garai batean gure herria etorkina izan zen”. Eta halaxe da, euskaldunok betidanik, arrazoi ezberdinak zirela medio, Gerra Zibiletik ihesi, familia laguntzeko lan bila, bizitza hobeago baten bila… herrialde arrotzetara emigratu izan dugu. Horietako asko, herria atzean utzita, Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta Estatu Batuetara etorri ziren. Urrutira, beraientzako ezezaguna zen lurralde batera, hizkuntza, kultura eta ohitura ezberdinetara egokitu beharrarekin. Hala ere, herrialde berri horretara moldatu eta egokitu ziren, hizkuntza berria ikasten zuten bitartean, beraiena eta gurea den kultura etxekoekin eta lagunekin mantenduz.

Gaur egun etorkin asko eta askok ateak itxita aurkitzen dituzte, garai hartan berriz, gure lagunak azaldu zigunez, harrera hobeagoa izaten zen, aukerak ere izaten zituzten lursaila eskaintzen bai zitzaien bizitza berria hasteko.Familiako bat etorri eta ahoz ahozkoa erabilita edo  milaka eta milaka euskaldun bertaratu ohi ziren . Hainbat datuk esaten dutenez, gaur egun, Estatu Batuetan bizi diren 58.000 pertsonek euskalduntzat jotzen dute beraien burua.

Handia izan da bai “Handia” filma ikustera joateak ireki digun leihoa euskaldun jatorriko belaunaldi berriek euren etorburuari harrotasunez lotuta dirautela ikusteko eta, aldi berean, euskaltzale, migratzaile… izatearen inguruan hausnarketarako eman digun bidea.

XXI. mendean, bertara sartzeko, hainbeste traba eta zailtasun jartzen dituen herrialdea, garai batean euskaldun migratzaile askoren bizileku eta pausaleku izan  zen…  Handia izan da horietako batzuek “ezagutu” izana.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: