DENBORAREN GATIBU EDO DENBORAREN JABE?

Kartetara jolasean, kontu ezberdinei buruz hitz egiten, iraganean pasatutako bizipenak gogoratzen, kantuan, bertsotan… Hartu unetxo bat eta pentsatu zenbat denbora ematen dugun jatorduren baten ondoren mahaiaren bueltan lagun eta familiakoekin solasean.

Nork ez ditu, aitaitaren amaierarik gabeko “Markesaren alaba” bertsoak eta amamaren aspaldiko kontuak entzun? Nork ez du gizarteko gai baten inguruan hausnartu eta nor ez da “mundua konpontzen” saiatu? Edo nor ez da eztabaida bero batean murgildu edo horren lekuko izan?

Mahaiaren inguruan ematen ditugun momentu horietan, edozer gerta daiteke, emozioak, haserreak, barreak eta negarrak azaleratzen direnean. Inoiz bazkal edo afaloste nahasiak ere izaten dira eztabaida antzuek ahoa berotu eta solaskideren bat erasotua sentitzen denean. Denetatik.

Batzuetan konturatzen ez garen arren, une horiek haaaaain dira bereziak, non, askotan denborak hegan egin eta berehala bi, hiru eta lau ordu ere ohartu gabe pasatzen diren.

Estatu Batuetan bizitako urte honetan , nire esperientziatik abiatuta, konturatu naiz lurralde honetan ez daukatela mahai inguruan denbora luzez egoteko ohiturarik. Egia da badaudela familia eta lagunekin elkartu eta bazkal edo afal ostean  denbora luzez egoten diren egun berezi batzuk, Thanks Giving eta Gabonak adibidez. Hala ere, egun horietaz aparte, askotan eseri ere justu-justu egiten dira.

Jatetxeetan adibidez, mahai gainean dagoen janaria amaitzerakoan, berehala hurbiltzen dira bertako langileak zerbait gehiago nahi dugun galdetzera. Erantzuna ezezkoa bada, minutu bat baino gutxiago pasatu ondoren, normalean eskatu gabe, kontuarekin etortzen dira. Horrela funtzionatzen du, jan, ordaindu eta ospa. Ez dago aukerarik txiste bat kontatzeko ere. Gurean ohikoak diren  ohitura hauek hemen ez dutela lekurik dirudi.

“TIME IS MONEY” DENBORA DIRUA DA

Joan den egunean “Time is money” esaldiarekin hasi zuen ingeleseko irakasleak klasea. Jatorriz estatu batuarra ez den arren, ia bizitza osoan igaro du hemen. Bere esanetan, estatu batuarren gehiengoa, erlojuaren menpe bizi da eta erlojuak beraien bizitza kontrolatzen omen du.

Argi dago irakasleak esaten duena egia dela, goizetan Seattle erdialdera joatea besterik ez duzu behar hara eta hona dabiltzan oinezkoen “lasterketak” eta etengabe klaxona jotzen duten gidarien kotxe ilara luzeak ikusteko. Horietako askok gainera, kafez betetako paperezko edalontziez edo janariz okupatuta izaten dituzte eskuak.

Horrez gain, hainbat kafetegik janaria eta kafea mugikorreko aplikazio baten bitartez eskatzeko aukera ematen dute. Horrela, askok, aplikazio horretatik gosaria eskatzen dute bertara heltzerakoan jaso eta berehala lanera joateko. Gutxi batzuk bakarrik geratzen dira bertan lasai-lasai gosaltzen. Hori gutxi balitz, goiz batzuetan kafea edatera joaten naizen kafetegian haurrak egoten dira beraien gurasoekin batera gosaltzen eskolara joan aurretik. Hauek ere etxetik presaka irten eta presaka gosalduz, gurasoek kafe azkar bat hartzen duten bitartean mugikorrari begira. Haurren gosaria etxean prestatzea ere denbora galtzea da.

Goizak orokorrean, guztiontzako (edo gehienontzako) izaten dira gogorrak, badakigu, egunaren hasiera. Noski, beti izaten dira umore txarrez, presaka eta korrika hasten ditugun goizak, hau da ezkerreko hankarekin jeiki garela esaten dugunean. Hala ere, eguneko momenturik atseginetakoa etxekoekin, pisukideekin… etxean prestatutako gosaria elkarrekin partekatuz eguna hastea da. Noizbehinka ere, gustura hurbiltzen gara  etxe azpiko edo betiko kafetegira/tabernara eta bertan, kafetxoa edateko tartetxoa hartzea ere plazerra izaten da. Batzuetan, lankide, lagun edo familiakoekin batera, bestetan berriz, bakarrik, goizean goiz argitaratu berri den egunkaria lagun dugula.  Patxadaz, presa barik.

Eta bai, egia da, guztiok daukagu ordutegia, lanera joateko, eskolara joateko, edo bestelako ekintzaren bat egiteko. Hala ere, esango nuke, eguneko ordu luzeak  liburu, makina edo ordenagailuaren aurrean  egoteaz gain, badakigula eta saiatzen garela aparteko zerbait egiteko denbora hartzen. Hau da, guretzako eta gure ingurukoekin egoteko eta gozatzeko tartetxoa hartzen dugula.

PRESA BARIK

Herrialde honetan nagoenetik, lehenago aipatu dudan  bezala,  konturatu naiz (gehienak) denboraren menpe bizi direla, beti presaka eta lan jardunaldi amaigabeak eginez. Lana egin eta dirua irabazteari, lagunekin, bakarrik edo familiakoekin gozatzeko momentuei baino garrantzi gehiago ematen diote. Batzuek nahiago izaten dute lan ordu gehiago egin eta diru gehiago irabaztea.

Hala ere, guztiok ez dugu erlojupeko lasterketa horretan parte hartzen edo saiatzen gara behintzat. Aste barruan adibidez, bazkalondorako tarterik ez dagoenez, afalorduak izaten dira, lasai, eguneko gorabeherez hitz egiteko unea.

Hemen ezagutu dudan jendearekin sarritan hitz egiten dut horretaz eta asteburuetan etxe desberdinetan egiten ditugun koadrila afarietan ganorazko afalondo bat zer den erakusten saiatzen ari naiz. Hau da, mahaia jasotakoan garagardo batzuk edaten ditugun bitartean, trankil, gure kontuetaz hitz egiten dugu, lana batzuetan, familia, bikotea… beste batzuetan. Gaua luze joaten da eta mahai jokoetarako ere astia egoten da noizbehinka. Beraien ohitura ez den arren, ausartzen naiz, momentu horiek gustuko dituztela esatera.

Eguneroko aisialdirako tartetxoaren eta jatordu ondorengo solasaldien defentsa egin dezagun. Gu geu denboraren jabe izan gaitezen.

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: