Seattlen nagoenetik urrun baina aldi berean gertu ikusten dudan Rainier mendiak nire jakin mina piztu du, mendia baino sumendia dela eta gaur egun ere aktibo dirauela jakin dudanean.
Rainier 4392m-ko altuerarekin, Ameriketako Washington estatuko mendirik altuena da. 25 glaziarrekin, Ameriketako Estatu Batuetako glaziar gehien dituzten mendietako bat da gainera. Seattletik 87 km-tara dagoen arren, eguraldi ona egiten duenean hiriburutik oso ondo ikusi daiteke, eta benetan irudi erakargarria izaten dugu begi aurrean zerua oskarbi dugun egunetan, aukera asko izaten ez dugun arren. Hori dela eta, Washington estatuko sinbolotzat hartzen da.

Sarreran esan dudan bezala, oraindik aktibo diharduen sumendia bada ere, azkeneko erupzioa 1894. urtean izan zen. Hala ere, bertakoengan ez dut kezkarik sumatu aktibo dagoen sumendi baten itzalean egotearren. Ez dut imajinatu nahi nolakoa izango litzatekeen larrialdi egoera bat jakinda zein populatua dagoen oso gertu dagoen Seattle-Tacoma zonaldea. Dirudienez USGSko zientzialariek (EEBBko Geologia Zerbitzua) gertutik egiten diote jarraipena eta momentuz ez da aurreikusten erupziorik; baina hori alda daiteke, azken finean sumendi aktiboa da eta zerbitzu honek Rainier Mendia EEBBko alde kontinentaleko sumendi arriskutsuena izan litekeela adierazi izan du.
HISTORIA PIXKA BAT
Gaur egun Rainier izenarekin ezagutzen den arren, XVIII. mendera arte mendiaren inguruetan bizi ziren amerindiar tribuek ezarritako Takhoma/Tahoma/Tacoma izenarekin ezagutzen zen. Ondoren, 1792an Ameriketara joandako kolonizatzaile Europarrek Rainier izena ipini zioten, Ingalaterrako Peter Rainier almirantearen omenez.
Takhoma izenaren esanahiari dagokionez, hainbat interpretazio eta hipotesi daude, hona hemen horietako batzuk: Jainkoaren mendia, uren ama, ur izoztua, ura ematen diguzun hori… Ikerketen arabera, Salishan izeneko hizkuntzan du jatorria. Kanadako hego-mendebaldean eta Estatu Batuetako ipar-mendebaldean bizi ziren natiboen hizkuntzatik hain zuzen ere.
Amerindiar tribu horientzako oso garrantzitsua zen mendia, berarekiko lotura estua sentitzen zuten eta. Bertan egindako ikerketa arkeologikoek adierazten duten bezala, duela 9000 urtetatik bizi izan dira inguru horietan eta mendiak eta naturak eskaintzen zizkien baliabideei esker bizi ziren. Horrela, Takhoma mendian eta horren inguruetan, animaliak ehizatzen zituzten eta bertako landare eta zuhaitzek emandako fruta eta fruituak ere biltzen zituzten. Horrez gain, beraien sinesmen eta kulturarekin lotutako ospakizun eta errituak ere burutzen zituzten. Gaur egun ere, mendiarekiko sentimenduak bizirik dirau inguruko amerindiarrentzat eta beraientzat, oraindik, Rainier mendiak Takhoma izaten jarraitzen du.
Honez gain Rainier Mendiaren jatorrizko izena daraman eta handik gertu aurkitzen den hiriburu batek, Tacoma izena darama. Seattlekin batera aireportuari izena ematen diona hain zuzen ere, Seattle-Tacoma.

MOUNT RAINIER PARKE NAZIONALA
Dokumentuen arabera, europar kolonizatzaileak lehenengo aldiz 1870. urtean heldu ziren tontorrera. Ondorengo urteetan, hainbat mendizale hurbildu ziren asmo berdinarekin. Ostean, 1833. urtean, mendia jaisten zebilen James Longmire esploratzaileak iturburu minerala aurkitu zuen mendi magalean eta “spadun” hotela zabaldu zuen bertan. Egitasmo hori eta mendiaren edertasuna, gaur egun ezaguna den Mont Rainier Parke Naturala sortzeko gakoak izan ziren. Horrela, herritarren gozamenerako, mendia eta bere ingurua babesteko eta dagoen bezala mantentzeko helburuarekin Parke Nazionala izendatu zuten 1899an.
616 km2 ditu Parke Nazional honek eta, zelai, baso, errekatxo, urjauziz… betetako inguruek osatzen dute. Gainera, guztira 416km dituen sendak aurki daitezke, inguruko edertasun amaiezinez gozatu ahal izateko.
GAUR EGUN
Parkea urte guztian irekita dagoen arren elurteak direla eta errepide batzuk moztuta aurkitzen dira. Hori dela eta sasoirik onena maiatzetik urrira bitartekoa da. Hala ere, urte guztian zehar milaka turista hurbiltzen dira ingurua bizitzatzera eta askoratiko ekintzak burutzera.
Gaur egun kanpoan kirola egitea gustuko dutenek aukera zabala aurki dezakete: bizikletaz egiteko ibilbideak, trineoan bidaiatxoak egiteko, fondoko eskia praktikatzeko, 416 kilometro inguruz osatutako bidezidorretan zehar ibiltzeko, arrantzatzeko, eskalatzeko… Umeekin egiteko ekintza eta ibilbideak ere aurki daitezke.
Mendia eta inguruari buruz ikasteko nahia daukaten horientzat ere, Paradise bisitarien zentroaren eskutik informazio esanguratsua jaso eta mendiaren inguruan ikasteko aukera ere badago. Hori gutxi balitz, garai batean inguruan bizi ziren amerindiar tribu horiei buruz gehiago jakiteko eta egindako aurkikuntza arkeologiakoak bisitatzeko ere aukera dago.
Badago tontorrera igotzeko aukera ere, baina hori esperientziadun mendizaleek egiten dute. Izan ere, mendi arriskutsua da eta ez da edonor igotzeko modukoa. Horregatik, mendia ondo ezagutzen duten gidariekin bakarrik egin daiteke gailurra.
Beraz, Washingtoneko estatuko sinbolo den mendi honek duen xarma eta pizten duen interesa oso zabala da arrazoi desberdinengatik. Tahoma “Jainkoaren mendia”.

Utzi erantzun bat