AU PAIR IZATEKO PROZESUA

Duela urte bat, irakasle ikasketak amaitu ondoren, Bostonera joan nintzen bizitzera. Bertan, 6 hilabetez Au Pair lanetan ibili nintzen, bertako familia bateko bi haur zaintzen.

Estatu Batuetara urrian joan nintzen arren, Au Pair izateko prozesuarekin askoz lehenago hasi nintzen, oso prozesu luzea baita. Unibertsitatea amaitu aurretik, argi neukan ingelesa ikastera Estatu Batuetara joatea nahi nuela. Horrela, nire mutilaren bitartez, Seattlen Au Pair lanean zebilen neska batekin kontaktuan jarri nintzen eta bere Au Pair programa berdinarekin batera Estatu Batuetara joatea erabaki nuen.

Horretarako, urtarrilean, programa hori eskaintzen duen Bilboko akademia batera joan nintzen informazio gehiago jaso eta nire izena emateko asmoz. Egun horretan bertan, nire au pair perfila egiten hasi nintzen. Horretarako, ondorengo hilabeteetan, niri buruzko hainbat dokumentu ipini behar izan nituen (guztiak ingelesez) bertan:

  • Medikuak sinatutako paperak: nire bizitzan zehar ipini dizkidaten txerto guztien izena eta data, nire mediku historiala…
  • Tuberkulosiaren froga egin behar izan nuen eta hori ez neukala egiaztatzeko, medikuak idatzi bat egin behar izan zuen.
  • Estatu Batuetako familiarentzako eskutitz bat.
  • Nire bizitzari eta haurrekin daukadan esperientziari buruzko bideo bat.
  • Nire bizitzari buruzko argazkiak eta argazki horien azalpena.
  • Bizitza guztian zehar haurrekin lotuta egin ditudan lanak, horien azalpena eta guztira haurrekin egindako lan orduak banan-banan zenbatuta.
  • Nire familiako kideei buruzko informazioa, lanbidea, gaixotasunak…
  • Ezagutzen nauten hiru pertsonek idatzitako errekomendazio gutuna.
  • Aurrekari penalak.

Perfila elikatzen nenbilen bitartean, Bilboko akademia horretan elkarrizketa bat ere izan nuen. Hori ere ingelesez. Elkarrizketa amaitzean, nire izaerari buruzko galdetegi bat bete behar izan nuen. Galdera horietako bat adibidez:

Zer egingo zenuke kalean dirua bilatuz gero?

  • Niretzako hartu.
  • Diruaren jabea bilatu eta dirua eman.
  • Ezer ere ez.

Aldi berean, kotxeko karneta ere atera behar izan nuen. Izan ere, Au Pair izateko balditzetako bat gidabaimena edukitzea baita.

Azkenean, kotxeko karneta atera eta perfilarekin amaitu nuen uztailean. Beraz, amaitu bezain pronto, nire perfila ikusgai ipini zuten beraien web orrialdean eta horrela, hurrengo asteetan, Estatu Batuetako familien eskaintzak jasotzen hasi nintzen. Mezuarekin batera, beraien argazkia eta familiari buruzko informazioa ere bidalitzen zidaten. Nik bi aukera nituen, alde batetik, familia ezagutzen jarraitzeko skype egitea edo zuzenean interesatzen ez zitzaidala esatea. Hasieran jasotako eskaintza askori ezetz esan nien, izan ere, nire nahia Seattle edo inguru horretara joatea zen eta nirekin kontaktuan jarri ziren familia guztiak beste kostan (New York, Boston…) bizi ziren.

Uda erdialdean Kaliforniako familia bat ipini zen nirekin kontaktuan eta beraiekin skype egitea erabaki nuen. Aurreko egunetan elkarrizketa prestatu eta mila aldiz entseatu nuen arren, oso urduri ipini nintzen eta ez zen oso ondo irten. Ondorioz, ez nuen familia horri buruzko berri gehiagorik izan. Horren ostean, ez nuen kosta horretako eskaintza gehiago jaso. Abuztuan, uda amaitzen zihoala kontuan izanda, idazten zidaten edozein zonatako familiei baietz esaten hasi nintzen. Bigarren elkarrizketa, Miamiko familia batekin egin nuen eta ondo irten zen arren, beste neska bat aukeratu zuten. Azkenik, Bostoneko familiarekin egin nuen skype eta lehenengo momentutik familia atsegina zela iruditu zitzaidanez, beraiengana joatea erabaki nuen.

Au Pair izateko asmoa edukiz gero, zurekin kontaktuan jartzen diren familia guztiekin egin skype, horrela, zure burua entrenatzeko. Skype egin arren, ez du beraiengana joango zarela esaterik nahi.

Aste bat pasatu ondoren, Au Pair konpainiatik hainbat dokumentu biltzen zituen eskutitz bat iritsi zitzaidan, bertan ondorengo paperak zeuden:

  • Bostoneko familiari buruzko informazioa.
  • Sinatutako kontratua.
  • Bisari buruzko informazioa.
  • Enbaxadara eramateko hainbat paper.

MADRILEKO ESTATU BATUETAKO ENBAXADA

Bostonera joan baino hilabete bat lehenago, Madrilen dagoen Estatu Batuetako enbaxadara joan behar izan nuen J1 bisa eskatzera. Horretarako, lehenik eta behin, internetetik txanda eta ordutegia eskatu behar izan nituen. Horrekin batera, niri buruzko hainbat galdera ere erantzun behar izan nituen. Adibidez:

Hil al duzu noizbait pertsonaren bat?

Goizean goiz, nire txanda baino 15 minutu lehenago, enbaxadara hurbildu eta nire izena entzun arte, kanpoan zegoen ilaran itxaron behar izan nuen. Barrura sartzerakoan kontrola pasatu eta zenbakidun papertxo bat eman zidaten. Nire txanda iristerakoan leihatila batera hurbildu nintzen. Bertan, bi eskuetako hatz-aztarnak hartu zizkidaten eta ondoren, beste leihatila batera joan behar izan nuen. Bigarrengo horretan, galdera batzuk egin zizkidaten:

  • Zertara zoaz Estatu Batuetara?
  • Zer egin behar duzu han?

Pasaportea bertan utzi nuen eta aste bat pasatu ondoren, postaz bidali zidaten.

Azkenik, urriaren 24an New Yorkera joateko hegaldiarako tiketak bidali zizkidatzen. Izan ere, Bostonera joan aurretik, Au Pair izateko formakuntza jaso nuen New Yorken eta Au Pair batzuekin batera.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: